Uncategorized

davXVII. mendetik aurrera hasi ziren baserriak harrizko arkupez eraikitzen

Aurrerapen tekniko honek aukera eman zuen baserriak gorantz hazteko, egonkortasunik batere galdu gabe. Zurak, zeharo elementu orokorra bera Erdi Aroko eta Aro Modernoaren hasierako eraikinetan, lekua utzi zion pixkanaka harriari.

Eta bide horretatik, XVIII. mendearen erdialdean goiko solairua bizitza gisa okupatzen hasi ziren. Denbora igaro ahala, arku horietako batzuk itxi egin zituzten, barnealdeko gelak handitu ahal izatearren.

Zumarraga herrigune gisa itxuratzen

XV. mendearen amaieran, Zumarragako biztanleak espazio berriak hasi ziren hartzen. Biztanleria gora eginda zegoen, eta baliabide berriak bilatzen zituen bizi ahal izateko. Horrela herrigune berria sortzen joan zen, kalea alegia.

Zumarragak lau baserri-auzo zeuzkan: Soraitz, Aranburu, Leturia eta Elgarresta ziren lau auzo horien izenak. Auzo horietako bakoitzak hainbat baserri hartzen zituen. Antio bera Soraiz auzoan dago.

Eta Antiotik Urolarako tartean, erdibidean, Eitzaga auzoa zegoen. Beste auzoek ez bezala, honek etxe multzo bat zuen osagai.

Herriguneari ‘kalea’ esaten zioten, bide baten inguruan eratzen direnen kasuetan ohi den moduan.

Gune hau Eitzaga auzoaren eta Urola ibaiaren artean zegoen, eta egungo Kalebarren, ibaiaren paraleloan, Piedad, Bidezar eta Elizkale hartzen zituen.
1543ko apirilaren 12an bildutako datuen arabera, Zumarragako herriak 220 etxe eta baserri zeuzkan.

Zumarragak bere zubi eta bideak berregin zituen

Zenbait errekak zeharkatzen zuten Zumarragako udalbarrutia, Urola ibaian isuri aurretik. Horiek gurutzatu ahal izateko zubiak eraiki zituzten, zurezkoak hasiera batean.

Eguraldiak eta pertsona eta merkantziak etengabe igarotzeak hondatu egiten zituzten pasagune horiek. Horregatik, pasagunea bermatzeko harrizko zubiak eraiki zituzten.
Garai hartako dokumentazioaren arabera sei zubi zeuden: Zubiaurre, Buztintza, Uegon, Etxeberrilizaratzu, Zubiberri eta Matxain.

Denbora igaro ahala garraiobideak aldatuz joan ziren. Eta merkantziak garraiatzeko erabiltzen zituzten zamarien ordez, gero eta gurdi konplexuagoak erabiltzen hasi ziren.

Zubiak eta bideak egokitu egin behar izan zituzten garraioen aldaketetara. XVIII. mendean, gurdientzako errege-bide deitua ireki behar izan zuten. Gurdi eta lau gurpileko zalgurdientzako bide egokia zen, eta Madrildik abiatu eta Irunera iristen zen.

Bide honek Zumarragatik igaro behar zuelarik, hainbat sail berdindu eta bidea zabalago egin behar izan zuten; ezinbesteko lanak, inolaz ere, gurdi berriak ibili ahal izan zitezen.

davBaserriak ere eskulangintzaren tradizio baten isla dira

Baserri arkitekturan ere oso elementu ohikoa izan zen zura. Kanpoko fatxada ixteko eta bizitza barruko gelak bereizteko erabiltzen zuten. Oholak elkarri lotzeko, Andre Mariako koruko teknika bera erabiltzen zuten, mihiztadura.

Gaur egun Zumarragan 65 baserri inguru daude, herria osatzen duten lau auzoetan banatuta. Horietako batzuk iraganeko eraikuntza-tekniken benetako artxiboak dira, eta baserri motak erabilitako teknikaren arabera bereiz ditzakegu.

Gipuzkoako lehengo baserri askok harria eta zura tartekatzen zituzten fatxadan. Lehen solairuan eraikuntza harrizkoa zen, eta bigarrenean zurezkoa.

Beste batzuetan, fatxada zutoinez egiten zuten, eta horien arteko tarteak harriz, kareorez eta karez bete.

Beheko solairuan pertsonak eta animaliak egon zitezkeen; goiko solairuan, aldiz, bakar-bakarrik pertsonak bizi ziren.

Landa munduko eraikin hauek aldatuz joan ziren mendeak igaro ahala.

Unean uneko produkzio beharrek, erosotasun handiagoa ere lortu nahi zuelarik jendeak, eraikinotan aldaketak egitea eskatzen zuten.

Baserrietako bigarren solairua etxebizitzako biltegia izaten zen. Bertan gordetzen zituzten baserritarrek lortu eta bildutako produktuak.
Zurak, aukera merkea izateaz gain, biltegi inguruan aireztapena ahalbidetzen zuen materiala zen.

Elikaduraren oinarria garia zen. Sagarra ohiko edari bat egiteko erabiltzen zuten, sagardoa egiteko alegia. XVII. mendean artoa kontsumitzen hasi ziren; "Ameriketako artatxikia" ere esaten zioten.


davZuraren eskulangileek ezaguera tekniko zabala zuten

Zuhaitza moztu ondoren, zura prestatu behar zuten, beharrezko itxura eta neurriak emanez.

Teilatuko zurajea osatzen duten elementuak lotzeko jabaloiak edo besoak diseinatu zituzten.

Jabaloiak elementu funtzionalak ziren erabat: teilatuari eta koruaren egiturari eusten zieten.

Eta elementu estetikoa ere baziren. Zurak lotzeko sistema horrek ematen zuen itxurak edertu egiten zuen espazioa.

Koruaren aurrealdea osatzen duten oholak lotzeko, mihiztaduraren teknika erabili zuten, oso zabalduta zegoen eta zurezko eraikuntzetan. Metalezko iltze bakar bat ere ez zen behar. Gaur egun oraindik ere erabiltzen da teknika hori.

Arotzeriaren sekretuak

Arotzek arreta handiz aukeratzen zituzten moztu beharreko zuhaitzak. Kalitate gorena nahi zuten.

Haritzek habe sendoak ematen zituzten, 10 m luze baino gehiagokoak.

Zuraren kalitatea ez zegoen bakarrik zuhaitzaren mendean, zuhaitza mozteko unea ere garrantzitsua zen.

Arotzen artean, ideia zabaldua zen urte-sasoiak eta ilargiaren aldiak eragina zutela zuraren kalitatean.

Kalitatezko zura eskuratzeko, ahalik eta izerdi gutxien eduki behar zuen enborrak mozten zuten unean, hau da, likido gutxi eduki behar zuen.

Zurak likido gutxi daukanean barruan, zuntzak itxiago egoten dira, eta horrela saihestu egiten da habea gerora pitzatzea.

Gainera, zenbat eta likido gutxiago eduki zurak, aukera gutxiago izango dira izerdia elikagai apartekotzat duten onddoek eta intsektuek eraso egin diezaioten.

Enborrean zehar dabilen izerdi kantitatea ez da beti bat; hartzen duen eguzki-energiaren eta ilargia dagoen aldiaren araberakoa da.

Arotzek zuhaitzaren zikloa zaintzen zuten, zur iraunkorra eskuratu ahal izatearren. Horixe zen arotzeriaren sekretua.

Dragoia elizan

Andre Mariako txoko askok erakusten digute joandako garai bateko artea.

Zuraren gainean emakume-aurpegiak eta irudi geometrikoak landu zituzten.

Eta pinturak ere bazuen lekua: dragoi hegaldun bat, txakur bat, txerri edo basurde bat eta ehizako adar bati eusten dion pertsona bat marraztu zituzten, erabat osatzeke baina.

Apaindura-arte hau berezkoa zen erromanikoaren eta gotikoaren arteko trantsizio garai hartan.


davZumarraga modernizazio bidean

XVI. mendetik aurrera Zumarraga aldatu egingo zen. Aldaketa fisikoa izango zen, eta baita ekonomiko eta soziala ere. Biztanleak egokitu egingo ziren garai berrietara, eta horrexetatik etorriko zen "modernizazioa", herriak gaur egun duen ondarean islatuta ikusten dugun moduan.

Basoa Antion sarturik

XVI. mendearen hasieran Santa Maria edo Zumarragako Andre Mariaren itxura nabarmen aldatu zen. Barnealdean korua eraiki zuten, eta zurezko sabai handi bat. Egundoko lana da, eskulangintzaren tradizio baten isla, baina mendebalde kristauan gertatzen ari ziren aldaketen lekuko ere bada.

Korua klerikoentzako espazio gisa eraiki zuten

Garai horretan, elizetan, klerikoentzako espazio batzuk eraiki zituzten, koru garaiak zehazki, beste eliztarrengandik banandurik.

Korutik errezitatzen zituzten liturgiako testuak, kantuetarako lekua zen, ikusgarritasun erabatekoa zuen, eta, gainera, espazioa irabazten zuten horrela elizetan.

Goiko koruak funtzionaltasuna eta sinbologia lotzen zituen. Bertatik, kleroaren irudi jakin bat proiektatzen zuten.

- "Klerikoek ez dezatela dantza egin, ez daitezela kantu lizunetan ari, ez ditzatela gauza profanoak predika, ez daitezela mozorrotu, ez ditzatela zezenak ikus".
Elizgizonen eta laikoen portaerak gero eta elkarren antz handiagoa zuten. Bizitza erlijiosoa lasaitu egin zen, eta eliz erreforma bat aplikatu beharra izan zuten.
-"Klerikoek ez dute soilik gaitzetik bereizirik egon behar, baizik eta baita gaitz susmo orotatik ere, eta hain izan behar dute eredugarri, ezen bere eliztarrek imitatzeko eta jarraitzeko bide hartu behar baitituzte".

Errege Katolikoek abiatu zuten erreforma. Bizimodu espiritualera itzultzea bilatzen zuten, eta horretarako kleroa eta herria bereizi behar ziren.

Batzuen eta besteen bizimoduak bereizteko, zaindu eta zigortu egin zituzten klerikoen jarrera lizunak.

Baina beste zerbait ere egin zuten, eliz barruan ere bereiztea. Irudi sinbolikoa nahi zuten, klerikoen eta laikoen arteko bereizketa ezartzeko.

Garai horretan, elizetan, klerikoentzako espazio batzuk eraiki zituzten, koru garaiak zehazki, beste eliztarrengandik banandurik.

Eta koru horietatik errezitatzen zituzten liturgiako testuak, kantuetarako lekua ziren, ikusgarritasun erabatekoa zuten eta, gainera, espazioa irabazten zuten horrela elizetan.

Goiko koruak funtzionaltasuna eta sinbologia lotzen zituen. Bertatik, kleroaren irudi jakin bat proiektatzen zuten.

Ganga batzuek teilatuaren azpialdea ezkutatzen zuten

  1. Santa Mariari zurezko sabai handi bat jarri zioten. Horretarako, habe eta oholezko bilbadura oso bat eraiki zuten.
  2. Basoetako haritzek bermatzen zuten beharrezko lehengai guztia eskura izatea. Zuhaitzok, gainera, kalitate bermea ziren.
  3. XVI. mendearen bigarren erdialdean, zuraje handia kupula batez eta bi gangaz ezkutatu zuten; hauek ere zurezkoak ziren.
  4. Kupula eta gangak igeltsuz estali zituzten, horrexetatik zuri izatea. Izan ere, harrizko egiturak imitatu nahi zituzten.
  5. Euskal Autonomia Erkidegoan 41 eliza dira, guztira, zurezko gangak dituztenak. Horietako bat ondoko Urretxuko San Martin Tourskoarena da.
  6. Zurezko teilatu eta gangen eraikuntzaren atzean, zurgintza tradizio handi bat dago. Horren loraldia XVI. mendean izan zen, eta XVII.ean beherantz egin zuen.
  7. Garai horretan eraiki zituzten, zurezkoak halaber, hauts-babes deituak. Egitura horiek hautsetatik babesten zuten presbiterioa. Horietako bat Zumarragan daukagu, Oraako San Kristobal ermitan.

davZumarraga bere ingurua itxuratzen

Ikus-entzunezkoa

"Lehen agerraldia"
Zumarragako herrixka, 1383ko abenduaren 11, ostirala.

Maria Elgarrestaren etxetik topalekuraino ez zegoen distantzia handirik. Grazia neskamea ondoan zuela, Maria Eitzagaranzko bidean abiatu zen.

Bidean zehar ikusi zuten ezen norbaitek adarrak eta azalak atera zituela, horiek enborraren parean mozteko usadio eta ohitura errespetatu gabe eta lan horiek egiteko urte-sasoia ere kontuan hartzeke. Zuhaitzak ihartuta zeuden jada.

Graziak bazekien Pedrok, bere senarrak, parte hartu zuela mozketa hartan. Denbora pixka bat bazen senarra Lazkaoko jaunaren lekaio eta babestua zela, eta horrek berekin zekarren hark agintzen zituen ekintzetan laguntzea. Horren trukean, Pedrok ziurtatua zuen familia bat osatu ahal izateko soldata bat.

"Bigarren agerraldia"
Eitzaga, Urruti baserria.
Agiri garrantzitsu bat sinatzea.

Elkartuak Soraizko baserrietakoak, hauek Andre Mariaren elizatik oso hurbil zeuden, eta Aranburuko eta Elgarrestako baserrietakoak ziren. Pertsona garrantzitsuak ziren Zumarragan, eta Ahaide Nagusien mendean egoteari utzi nahi zioten.

  • Seguru al zaude hau izango dela irtenbidea?
  • Horrela izatea espero dut. Herrixka batzuek egin dute jada.
  • Ni behintzat ez nago lapurrek nire abere gehiago eramateko prest.
  • Nik pentsatu nahi dut akordio honekin saihestuko dugula jauntxoek, Lazkaokoak esaterako, justizia bere kasa egitea.

Jende multzo hartan, Mariak ikusi ahal izan zuen Joan Perez Otalora, eskribaua, hasia zela dokumentu bat idazten; Zumarragako herriaren eta Urretxuko hiribilduaren arteko auzotasun akordioa izango zen.

Une honetatik aurrera Zumarragako biztanleek betekizun batzuk izango zituzten, esaterako zerga batzuk Urretxun ordaintzea eta hiribilduko alkatearen justiziaren mendean geratzea. Baina abantailak ere izango zituzten, hala nola hiribildu bateko auzo izatea eta, ustez behintzat, Ahaide Nagusien mendean ez egotea.

"Hirugarren agerraldia"
63 urte geroago

Auzotasun akordio hark ez zion amaiera jarri Ahaide Nagusien kontrolari. Ondasunak kentzen, lurrak erretzen eta justizia bere kasa egiten segitu zuten. Eta, pertsonen gaineko kontrol horretaz gain, bando borroka odoltsu batean ere aurre egin zioten elkarri boteretsuek.

Urtetan zehar Migelek, Grazia eta Pedroren semeak, aitaren bidetik segitu zuen.
Ez zitzaion zail egin Lazkaoko jaunaren segizioaren parte izatea. Gizon boteretsu baten lekaio bihurtzea zen, ia-ia, bizirauteko modu bakarra, batek jabetzarik ez zeukanean. Eta orain, dagoeneko zahar eta nekatu sentitzen zela, eta bide berri batean abiatzeko gogoz zegoela, azken zerbitzu bat geratzen zitzaion artean: bere jauna defendatzea Azkoitiko jaun feudal boteretsu Ladron Baldakoaren kontrako guduan, honek lurraldea bereganatu nahi zuen eta.

Zumarragako lurraldea, 1446ko abenduaren 29a

Abendu amaierako goiz batean, Migel eta Joan Lopez Lazkaokoak deitutako beste gizonak borroka-lekuan kokatu ziren. Lazkaoko jaunaren ondoan Zumarragako noble bat zegoen, Pedro Legazpi. Horien parean etsaiak ageri ziren, Ladron Baldakoa buru zutela.

Zenbait orduz luzatu zen borrokaren ostean, Joan Lopez Lazkaokoa zen garaile. Zumarragak eta Urretxuk haren kontrolpean segitzen zuten. Baldako jaunak Azkoitiko bere dorretxerantz egin zuen ihes. Migel onik atera zen. Dagoeneko bizimodu berria abia zezakeen, jaun feudalen boteretik urrun.

"Laugarren agerraldia"
Urretxu: etorkizun bila

Migelek Lazkaoko jaunaren zerbitzuan emandako urteek etsai ugari sortu zioten, baina baita adiskidetasun izen handiko eta errespetatuak ere.

Joan Aranburuk, Urretxun bizi eta lan egiten zuen zapatagin eragin handikoa bera, errenta bat ziurtatua zion Migeli, honek berarentzako lan eginez gero. Eta gainera ziurtatua zion Migelen seme Peru ere zapatagin mutil hartuko zuela, honek ez zezan izan aitak eta aitajaunak Lazkaoko jaunaren lekaio izan zuten bizimodua.

Zumarragatik abiatu, ibaia Zubiaurretik zeharkatu eta Urretxuko errebalaren paretik igaro ziren; zona hori hazten ari zela, Urretxu gero eta hurbilago zegoen Zumarragatik.

Hiribilduan sartzeko lau ate zeuden, eta horietako batetik zehar igaro ziren.
Gaztelako errege Joan I.ak Urretxua izeneko lekuari hiribildu titulua eta 'Villarreal' izena eman zionetik 64 urte ziren jada igaroak. Titulu hori emateko dokumentua hiri-gutuna zen, eta Urretxuk ongi gordea zeukan.

Zapataginaren lantegira iritsi zen Migel, bizimodu berrian abiatzearren. Atzean zegoen jada iragana, eta etorkizuna berehala geratuko zen bere seme Peruren esku.

"Bosgarren agerraldia"
43 urte geroago, 1489

Zumarraga hazita zegoen, eta denbora asko zen aldameneko Urretxuren parte izateari laga zionetik, Areriako Alkatetza Nagusiarekin -Gipuzkoako lurraren barneko lurralde bat zen, eta zenbait herri hartzen zituen- auzotasun-gutun berri bat izenpetuta. Lehengo landa-herrixka eraldatzen ari zen. Eraikin berriek osatzen zuten jada lehen herrigunea, Eitzagan. Dorretxeek galdua zuten gerrarako itxura, errege aginduz goialdea moztu zietenetik.

Hazkunde egoera hau ikusirik, Peru bere herrira itzuli zen. Urretxun egoera ekonomiko ona lortua zuen, zapatagin gisako lanean, eta horrek gizartean gora egiteko aukera emango zion, zalantzarik gabe, Zumarragan.

Zumarragak denbora zeraman kleriko kopuru handiagoa izateko eskubidea eskatuz erregeari. Lazkaoko jaunak aukeratzen zituen elizgizonak; izan ere, aspaldi-aspalditik jotzen zuten jaun hura elizaren jabe. Baina Lazkaoko jaunak ez zien bi elizgizon baino gehiagori ordaindu nahi. Urte batzuk auzitan eman ondoren, Errege Justiziaren Goi Auzitegiak Zumarragaren aldeko epaia eman zuen.

"Seigarren agerraldia"

Zumarragako Andre Mariaren parrokia, 1489ko abuztuaren 23a, igandea

Peru ordua baino lehen iritsi zen Andre Mariaren elizara. Urduri zegoen. Lehen aldiz, meza esan behar zuten apaizak ez ziren Lazkaoko jaunak aukeratuak.

Eliza jendez lepo zegoen. Martin Gurrutxaga bikarioak hasiera eman zion liturgiari. Bat-batean, Bernardino Lazkaokoa eta hainbat gizon armadun elizan sartu ziren, bere eskubideak berreskuratzeko prest.

-Martin Gurrutxaga, nik ez zaitut meza esateko aukeratu! Eliza hau nirea da, eta berehala irteteko agintzen dizut!

Gizon armadun haien indarkeriazko jarrera zela eta, eliztarrek eta lau elizgizonek elizatik irten behar izan zuten.

- Erregeren justiziara joko dugu!

Peruk gogoratu egin zuen aitak eta aitajaunak nola kontatzen zizkioten Lazkaoko jaunaren izenean parte hartu zuten lapurreta eta guduak. Orain parean zuen Bernardino, bere aita lekaio izandako Joan Lopez Lazkaokoaren biloba.

Baina jada ez zegoen ondasunak galtzeko edo Ahaide Nagusiek inor preso hartuko ote zuten beldurrik. Peruk, Zumarragako beste biztanleek bezala, dagoeneko bazekien indarra erabiltzeari brida jartzeko moduak bazeudela. Herriko biztanleek justizia auzitegietara jo zezaketen, berea defendatzeko. Eta behin baino gehiagotan egingo zuten. Aurreko belaunaldiek hartutako akordio eta erabakiak ez ziren alferrik izan.

Maria Elgarrestak, Graziak, Pedrok, Migelek, eta orain Peruk eta beste askok bere ekarpena egin zuten, era batean edo bestean, Zumarragak bere ahotsa izan zezan. Eta bide horretatik Zumarraga berri bat ari ziren itxuratzen.

davZumarragako Andre Mariaren eliza laikoen jabetzakoa zen, Lazkaoko jaunarena

Erdi Aroan tenplu bat, parrokia izan ala ez, elizaren esku egon zitekeen, edo erregearen edo edozein komunitate motaren esku, eta partikularren jabetzakoa ere izan zitekeen. Pribilegio horri patronatu esaten zitzaion, eta pribilegioa zegokion kolektiboa edo pertsona patroia zen.

Lazkaoko jauna pribilegioduna zen

Zumarragako Andre Mariaren elizak bazuen patroia, Frantzisko Lopez Lazkaokoa, geroago Gipuzkoan oso garrantzitsu izango zen leinu bateko kidea.
Frantzisko Lopezek Lazkaoko jaun titulua zuen. Izendapen horrek berekin zuen halako gizarte maila bat garai hartan.

Lazkaoko jauna ez zen bakarrik Zumarragako Andre Mariako patroia; hari zegokion, halaber, Idiazabal, Lazkao, Mutiloa, Olaberria, Segura, Legazpi eta Zaldibiako elizetako patroia izatea ere.

Lazkaoko jaunak, betiere ezarrita zegoen epea betez (lau hilabete hutsunea sortzen zenetik hasita), meza esan behar zuen klerikoa aurkezten zion apezpikuari. Eta bere interesen aldeko norbait aukeratzen zuen beti.

Tenplu barruan berari zegokion leku oneneko eserlekua. Eta horrela agerian uzten zuen gizartearen aurrean zuen pribilegioa.

Jakin ez dakigu Erdi Aroaren amaiera aldean Zumarragak zenbat biztanle zituen. Dokumentu-iturri batzuen arabera, 1.700 pertsona inguru izango ziren. Historialari batzuen arabera, baina, 700 pasatxo besterik ez ziren izango.
Kopuru erreala dena dela, kontua da uzta jasotzen zuten edo abere talderen bat zuten Zumarragako biztanle guztiek elizari eman behar ziotela lortutako emaitzen hamarrena.

Fruituek eta errentek klerikoak mantentzeko, liturgiarako eta eraikina bera zaintzeko balio zuten.

Erregeak sinatutako dokumentua zen pribilegioen froga

1366an eskuratu zuen patroi izateko pribilegioa, garai hartan Gaztelako erresuma suntsitzen ari zen gerra zibilean Henrike II.a erregearen zerbitzuan aritzeagatik.
Patroi izate horri esker, Lazkaoko jaunak hainbat eskubide zituen elizaren gainean, baina baita zenbait betebehar ere.

Eskubidea zuen eliztarrek elizari ematen zizkioten hamarrenak jasotzeko. Eta hori sarrera iturri zuen.

Lazkaoko jaun titulua jaraunsten zuenak Andre Mariako patroi izaera ere jaraunsten zuen. Eskubide hau belaunez belaun igarotzen zen.


davEgungo harria iraganaren aztarna

Kondairak dioenez, tenplu honetako hormak jentilek oso urrunetik botatako harriez eraiki zituzten. Jentilak izaki mitologikoak ziren, neurriz kanpoko indarrez hornituak. Irudizko pertsonaia horien presentziak eliza honetako misterioetako bat azaltzeko balio zuen, zera baitzen misterioa: nola eraiki ahal izan zuten paraje honetan?

Antioko eliza leku estrategiko batean eraiki zuten

Zuk zeuk ikusi ahal izango zenuen bezala, gain batean gaude, eta hemendik oso eremu zabala ikusten da. Izan ere Zumarragako Santa Maria, Andre Maria, Antio, leku estrategiko batean eraiki zuten.

Eraikina altxatzeko elementua harria izan zen. Erdi Aroan, material hori komunitatearen eraikin garrantzitsuenetarako gordeta zegoen, elizarako esaterako.

Antioko elizak ez du beti neurri bera izan

Hasieran, eliza egungoa baino txikiagoa izango zen. Denbora igaro ahala, baina, tenplua handituz joan ziren, egun duen itxura hartu arte. Harri motari eta erabilitako teknikari erreparatuta, guztira zazpi eraikuntza-une identifikatu dira.

Hainbat harri mota erabili zituzten eraikuntzan

Erabilitako harri mota eta teknika aldatu egiten ziren eraikuntza-fase bakoitzean. Erabilgarri zegoen materialaren eta unean uneko eroste-ahalmenaren mendean zegoen guztia.

Lehenbiziko tenpluan batez ere hareharria eta errekarria erabili zituzten. Eliza handitzeko, kareharria erabili zuten.

Obraren arduradun nagusia hargin maisua zen. Horren mendean zegoen harria landu eta jarri behar zuen langile-taldea. Garabiak, eskailerak eta lanabes sorta askotarikoa erabiltzen zuten langile horiek.

Harri-bloke bati nahi zuten forma emateko, harginek punta-zizel izeneko tresna erabili zuten Zumarragako Santa Maria edo Andre Mariaren elizan. Tresna horren erabilerak oso arrasto berezia uzten zuen harrian.


davBasoa ustiatzea ezinbestekoa zen bizirauteko

Urola haraneko klima egokia da baso eremuak garatzeko. Eremu zabal horiek beharren arabera ustiatzen zituzten orduan.

Zura behar-beharrezkoa, bizitzeko eta lan egiteko

Lehengaia zen. Eraikuntzako elementu gisa erabiltzen zuten, eta tresnak, armak, altzariak egiteko, bai hornigai gisa bai ikatz bihurturik.

XV. mendearen amaiera aldean, zurezko etxeak egin beharrean harrizkoak egiten hasi ziren. Ordura arte, bakar-bakarrik dorretxeak ziren harrizkoak. Etxe-sute ugariek eta zur eskasiak lagundu zuten aldaketa hori gerta zedin.

Zura altzarietarako lehengaia zen, etxeko tresnak egitekoa ..., eta baita negu busti eta hotzari aurre egiteko ezinbesteko erregaia ere.

Hau da, eguneroko erabilerako tresnak egiteko erabiltzen zuten, eta baserri munduko bizimoduan ezinbestekoak ziren nekazaritzako lanabesetarako.

Baso-soiltze egoera zela eta, Koroak interes berezia jarri zuen basoen kontserbazioan

Batez ere XVI. mendetik aurrera, eta baso-soiltzearen eraginez, basoaren ustiapena arautu egin zuten: Koroak obligazioa ezarri zuen zuhaitzak aldatzeko, eta kontzejuak zuhaitz horien hazkundea zaindu eta moztea arautu zuen.

Koroak, interesa baitzuen burdin merkataritzan eta ontzigintzan, pribilegio bidez laguntzen zien zur kontsumitzaile handi ziren bi industriari, hau da, burdinolei eta ontziolei.

Zumarragan, zur kontsumitzaile nagusietako bat ikatza zen. Kontu handiz egiten zuten, eta betekizun asko zituzten gainera horretan aritzen zirenek. 1646ko ordenantza batek galarazi egiten zuen "ikatza norberak nahi moduan egitea".

Errege Armadarako ontzien eraikuntzak zur kantitate handiak behar zituen; horixe izan zen Koroa basoaren kontserbazioaz arduratzeko arrazoi nagusietako bat.

Zumarragan, ia-ia baso eremu osoa udal jabetzakoa zen. Udalak baso zatiak banatzen zituen baserrien artean, erabilera partikularrerako, baldintza batzuk ezarriz horiei betiere.

Basoak frankoak izan zitezkeen (libreak), kontzejuarenak edo herriarenak (Udalarenak), petxapekoak (erregearenak) eta partikularrak (oso gutxi). Sarrera iturri garrantzitsua ziren.

Kontzejuak izendatutako basozainak arduratzen ziren baso erregelamendua bete zedin. Zumarragan, basoak gutxienez hiru hilean behin ikuskatu behar zituzten, eta aurkitutako huts edo kalteak adierazi. Kargua urtero berritzen zuten.

Kontzejuak zenbait sarrera eskuratzen zituen herri basoetatik, zura eta egurra salduta, baina baita gaztaina, ezkurra eta intxaurra errentan ematetik ere.

Animaliak, larrean zebiltzala, arriskua ziren basoaren hazkunderako, izan ere aldaxkak eta hosto berriak jaten dituzte, edo zuhaitzari azala kendu eta ihartzea eragiten dute.

Prebentzio neurri batzuk hartu zituzten basoa zaindu eta mantentzeko eta artzain eta nekazarien interesak ere babesteko. 1457ko urtean larreetarako ordenantza bat eman zuten, eta horren arabera Urola aldeko bailaretan abereak larrean aritu zitezkeen egun argiz, baina goizean irtendako tokira itzuli behar zuten iluntzean.

Inguru honetako sailak malkartsuak izaki, eta zorupea buztintsu eta arbeltsua, nekazaritza sekula ez zen nabarmendu herriko ekonomiako elementuen artean. Hala eta guztiz, zerealak, lekaleak eta arbiak egiten zituzten.

davUrola ibaia, espazioa baldintzatzen duen bizi iturria

Urola Garaiko eskualde txikian gaude. Izenean bertan darama bere lurretan sortzen den ibaia. Gaur egun Urola ibaia ezkutu samarrean igarotzen bada ere Zumarragako toki batzuetan, ur horietan herriaren historiaren parte handi bat dago gordeta.

Urola ibaiak giza asentamendua baldintzatzen du

Zumarragako lehen biztanleak Urola haranaren mazeletan finkatu ziren, ibaiaren uraldietatik kanpo inolaz ere. Geroago, XV. mendearen amaiera aldean, merkataritzaren garapenak bultzaturik eta teknikaren aurrerapenei esker, biztanleak lekuz aldatzen hasi eta ibai ondoan jarri ziren, hau bide naturala baitzen elkartrukeetarako.

Orografia dela eta, oso inguru gorabeheratsua baitugu, beste herrigune askoren kasuan bezala Zumarragak oztopo handiak ditu hartzen duena baino eremu handiagoa hartzeko.

Komunikabideek beti topatzen dituzte erliebe menditsu honek sortzen dizkien mugak. Horregatik, horien trazadurak ibai-ardatzari segitzen dio.

Uraren indarra, lan egiteko energia

Erdi Aroan zehar, uraren indarra hasi ziren erabiltzen energia produzitzeko. Ibaiak energia ematen zuen, eta komunikazioa eta garraioa ahalbidetzen zituen.
Urola ibaian zehar burdinola eta errota ugari instalatu zituzten.
Zumarragan bi burdinola zeuden, Matxain eta Jauregi-Legazpi.

Burdinolak herrigunetik urrun zeuden, baina lan iturri zuzena edo zeharkakoa ziren garraiolarientzat, merkatarientzat, errementarientzat...
Dokumentu-iturrien arabera, Matxaingo burdinola 1533 arte izan zen lanean. Ondoren errota bihurtu zuten.

Burdinolek, lanean jarri ahal izateko, inbertsio handiak behar zituzten; horrexetatik dator, hain zuzen, jabeak beti familia aberatsak izatea. Zumarragan, Legazpi familiak burdinola bat zeukan bere jauregitik, hots, egungo Legazpi dorretxetik hurbil.

Burdinola hau errota izan zen geroago, eta trenbidea instalatzeko lanak zirela eta eraitsi zuten.


davZumarraga, Antioren bihotza

Zu, orain, Antioko elizaren ondoan zaude, leku honen barru, mami eta sentimenduaren ondoan.

Izan ere Zumarragak, bere historian zehar, harriz eta zurez hornitu eta elikatu du Antio, material horiexek marraztu baitute, burdinarekin batera, herri honetako paisaia.

 

Antio, identitatearen erreferentzia

Erdi Aroan zehar, Antio Santa Maria eliza zen. 1366ko dokumentu bateko aipamenari esker, badakigu urte horretarako behintzat eraikita zegoela. 1388an parrokia titulua zuen jada, eta horri esker pribilegio batzuk zeuzkan. Tenplua, horrela, topaleku eta erreferentzia bihurtu zen.

  • Erlijio bizitzaren erdigunea zen: Santa Maria gurtzarako lekua zen, eta parrokia izanik inguruko biztanleek elizakoak har zitzaketen bertan.
  • Kohesio puntua zen: tenpluan elkartzen ziren Zumarragako kolazioko biztanleak; kolazio deitze hori biztanleak inguruan sakabanatuta bizitzetik zetorkion.
  • Bizitza politikoaren gunea zen: herritar guztientzako leku komuna izanik, bertan elkartzen ziren biztanleak, komunitateari eragiten zioten erabakiak hartzeko.
  • Gizarte maila erakusteko espazioa zen: eliza barruan, kide bakoitzak bere eserlekua zuen, eta horren kokapena pertsonaren gizarte mailaren araberakoa zen.
  • Errentak jasotzeko zentro garrantzitsua zen: elizak hainbat sarrera jasotzen zituen eliztarrengandik, esaterako hamarrenak, hasikinak edo emaitzak. Kapital hori biltzeko eginkizuna partikularrei ematen zieten; hauek, bilduaren portzentaje bat beretzat gorde ostean, elizari ematen zioten bestea.