davZumarragarron elkartasunak zorioneko egiten gaitu

Zorioneko gu, Antio ikus dezakegulako. Izan ere, Antiok badu nork zaindu eta babestu. Eta ez maila instituzionalean bakarrik. Historian zehar Antiok dohaintza ugari jaso ditu, bai materialak bai diruzkoak. Egungo Zumarraga betiko Zumarraga bera da.

Eta herria ere horrelaxe hazi da: ongile askok lagundu dute Zumarragak hainbat ekipamendu izan ditzan, hala nola ospitalea, eskola, institutua, babes-etxea, hilerria, eta trena herrira iristeko edota herriko iturrietan edateko ura izateko ere lan egin dute.

Eraberritzeak berekin du eraldaketa

Antioko egitura eraberritu behar izan zuten 1740an. Eraberritze horretan, garai hartako zenbait elementuz hornitu zuten: pulpitua, konfesatokia eta eserlekuak jarri zizkioten.

1976ko urtea beste eraberritze lan handi baten unea izan zen; ordura arteko Antiori itxura aldatu, eta gaur egun duena eman zioten.

1965ean Monumentu Historiko Artistiko Nazional izendatu bazuten ere, eta 1984an Euskal Monumentu Historiko Artistiko, babestu beharra du oraindik ere. Zorionez, Antioko Lagunen Elkarteak lan asko egiten du hura zaintzen eta mantentzen.

Orain erakartzen gaituena ikusezina zen lehenago

Antio imajinatzen al duzu habe eta jabaloi ikuskizun bikain hori gabe? Lehenago ez zen, bada, ezer ikusten. Zurezko ganga batzuek estaltzen zuten dena. Baina Antion egindako eraberritze lan garrantzitsuenetako batean kendu zituzten, 1976an.
Barnealdeko murruak karez estalita zeuden, desinfektatzaile ona inolaz ere, paretak zuritzeko balio izateaz gain.

1988ko zaharberritze lanetan zehar, zikinkeriak estalitako pintura batzuk aurkitu zituzten: dragoi bat, otso bat, ehiztari bat eta basurde bat. Habeetan begiratu, eta ikusiko dituzue.

Gauza batzuk ezin ditugu jada ikusi

1740ko pulpitu zaharra bota eta suntsitu egin zuten 1976ko zaharberritze lanetan.
Eserlekuetako asko apainduta zeuden.

1607az geroztik aldare nagusian zegoen erretaularen parte bat Donostiako Elizbarrutiko Museoan dago gaur egun.

1976ko eraberritze lanetan serora etxea bota zuten; 1604an eraikia zen. Han bizi zen emakumearen ardura Antio txukun mantentzea zen.

Antioko zura desagertzeko zorian egon zen

1988an ikusi zuten Antion xilofagoek eragindako infekzioa larriegia zela jada, eta esku hartzea erabaki zuten. Tratamendu eta zaharberritze prozesua 1990 arte luzatu zen, kontu handiz jardutea eskatu zuen, eta garestia izan zen: Antio, gaur egun ikusten dugun moduan, galtzeko zorian zegoen. 10.000 pezetaren truke teila bat eros zitekeen, sinbolikoki, zaharberritze lanetan laguntzeko.

"Teila operazioa" zumarragarren elkartasunaren beste adibide bat da.

Pantailan:
Desmuntatze, zaharberritze eta piezak, jatorrizko pieza zaharberrituak zein berriak, atzera muntatzeko prozesua Jesus Muñoz-Baroja arkitektoak zuzendu zuen.

  • Zurezko egitura osoa desmuntatu zuten, neurriz handiegiak ziren piezak izan ezik; hauek xilofagoen kontrako produktuak injektatuz desinfektatu zituzten, eta tokian bertan zaharberritu.
  • Zutabe batzuei altxagarriak jarri zizkieten, ez baitzuten oinarri egokirik.
  • Moldeak egin eta erretxinaz bete zituzten, habeak sendotzeko.
  • Habe batzuei metalezko sendogarri bat jarri zieten barnean.
  • Beste piezak banakako kutxetan sartu, eta tratamendua emateko eraman zituzten.
  • Teilatuan, bai jatorrizko zura bai 1976ko zaharberritze-lanetan erabilitako pinu-zura erabat zeuden pipiak janda. Egoera ikusirik, oso-osorik desmuntatu eta osorik berregin zuten, habe zaharrak, zona batzuetan zur berria, material isolatzailezko geruza bat eta teila erabiliz.
  • Ermita erabat gaseztatu, eta bi hilabetez itxita egon zen, artean egon zitekeena erabat suntsitu eta garbitzeko.

davZumarraga, ezpata dantzarik gabe, ez da Zumarraga

Zumarragako festak ezpata dantzaren inguruan mugitzen dira. Dantzaren jatorria Erdi Aroan dago, baina XVIII. mendean apezpikuak debekatu egin zuen, eta, geroago, baita erregeak emandako agindu batek ere.

Oraindik ez dakigu zer berezitasun duen Zumarragako ezpata dantzak. Aipatu izan da bertsio gipuzkoarrak baino motelagoa dela, zortzikoaren konpasean bariazioak daudela, berezitasuna ama birjinaren aurrean dantza egitea dela... baina gauza bat ondo asko dakigu, jende guztia liluratzen duela.

Jakin badakigu 1539 baino lehen dantzatzen zutela jada ezpata dantza Antion. Oso tradizio sustraitua da, eta horregatik gipuzkoar askok Antiorako bisita egiten dute, urtero, uztailaren 2an. Zumarragarrak ezagutzen dituzunean argi ikusten duzu ezinezkoa dela Zumarraga ezpata dantzatik eta uztailaren 2tik bereiztea.

Jakin badakigu, gainera, 1576ko urteaz geroztik Jasokundeko Andre Mariaren parrokian ere dantzatzen dela. Urtero, abuztuaren 15ean aukera dugu ikuskizunaz gozatzeko.

Ez dago ezpata dantzarik ez bada dantzaririk

Kapitain bat, hiru atzendari edo azkendari eta sokako zortzi edo hamar dantzari, horiexek dira ezpata dantza osatzen dutenak.

Dantza taldeak berak aukeratzen ditu kapitainak, botazio batez. Dantzak gorputz arina eskatzen du. Zortzi minutu eta erdi dira pausoz, artaziz, jauziz eta paseoz, azkendariei txanda emateko; hauek belauniko egiten dute dantza Ama Birjinaren aurrean.

Ezpata dantza galtzear egon zen zenbaitetan, dantzari falta zela eta. Baina agintariek, tradizioari eusteko ahaleginean, dantzari profesionalak kontratatu zituzten. Horietako batzuk dantzari gazteen "maisu" aritu ziren. Gaur egun Irrintzi dantza taldea arduratzen da. Dena prest izateko, Aste Santuan hasten dira entseguetan.

Txistua eta danbolina ezpata dantzaren taupadak dira

Txistua eta danbolina ezpata dantzatik bereiziko bagenitu, film mutu bat ikustea bezala izango litzateke.

Gotzaindegiak, batere gustukoa ez zuela musika profanoa, txistulariak elizatik urrundu nahi izan zituen, haien musika dantzarako gonbidapena zelako. Baina hain sustrai sendoko gauza izaki, azkenean onartu egin behar.

Gaur egun jada ez badago ere, mendetan zehar txistulariarena udal lanbide bat izan zen.

Ezpata dantzako dantzarien kasuan gertatu bezala, zumarragar asko izan dira txistuaren bultzatzaile, hain zuzen gal ez zedin. Azkeneko udal txistulariek 1970 inguruan erretiroa hartu zutenean, Udalak hitzarmen bat egin zuen Antzinako Ama Txistulari Taldearekin.

Norbaitek esana da sinesten zaila dela "txistu eskergabetik, tresna sinple eta primitibotik, horrelako harmoniak atera daitezkeenik".

davZumarragan tradizioek indarra dute

Trikitixa eta festa, bat dira

Diotenez, trikitixa trenarekin iritsi zen, trenarentzako bideak eta tunelak eraikitzera Zumarragara etorritako langile alpetar eta piemontearren eskutik. Beste batzuek, berriz, diote Frantzian finkatu eta, ondoren, euskal lurraldean zabaldu zela.

Zumarragan trikitixak emandako izen handienetako bat, Juan Bautista Busca, Alpeetatik etorri zen, tunelak egiteko lanetan aritzeko.
Joxe Oriak, Kanpazar soinujolearekin bat, Zumarragako Trikitixa osatzen zuen. Gero, bere ilobekin Urteaga-Oria trikitixa sortu zuen. Eta, harrezkero, trikitixa eta panderoa bereizezinak dira.

Jose Migel Ormazabali "eskusoinuaren jeinua" esaten zioten. Urteaga-Oria taldeko kidea izan zen.

Trikitixak herriko festak alaitzen ditu gaur egun ere.

Musikarako zaletasuna abesbatzetara ere iristen da

Zumarragako Martxa ahots eta orkestrarako kantu bat da, Zumarragaren omenezkoa. Zumarraga langilea aipatzen du, kanpotik helduak babespean hartzeko prest, eta Antioko amari kantatzen diola ... Zumarragari den bezalakoa izateagatik eskainitako kantua baita. Secundino Esnaola, Zumarragan jaioa, izan zen emakumezko ahotsak Donostiako Orfeoian sartu zituen zuzendaria.
Uda amaieran Antio eszenatoki bihurtzen da. Iraileko larunbat guztietan, Antioko Musika Zikloa egiten da.

Santa Lutziko ganadu feria goi mailan, urtero-urtero

Santa Lutziko ganadu feria eta azoka goi mailakoak dira, urtero-urtero, Zumarraga eta Urretxun. Arrakasta ziurtatuta dago. Milaka gipuzkoar ibiltzen dira animaliaz, saltokiz eta euskal kirolez lepo egoten diren bi herri hauetako kale eta plazetan, gora eta behera. Abenduaren 13koa musika eta kolorea da beti.

davEuskadi plaza

1862 eta 1866 bitartean eraikia, Euskadi plaza herriguneko lehen zabalgunearen parte zen. Beste izen batzuk ere izan ditu, hala nola Artiz plaza, Alfontso XIII.aren plaza, Errepublikarena, España plaza eta Euskadi plaza.

Industria eta demografia eskutik doaz

50eko urteetan oso hazkunde sozioekonomiko handia izan zen. Zumarragako herrian eta Goierriko eskualdean ireki eta handitu egin ziren burdinaren eraldaketarekin lotutako metal-industriak. Industriak hazkunde demografikoa ekarri zuen. N-1 errepideak eta Madril-Irun tren-lineak lagundu zuten garapen horretan.

Zumarragako enpresen artean Gipuzkoako handienetako bat aipatu behar dugu, Esteban Orbegozo S.A (Arcelor Mittal gaur egun), 3.000 langile izatera iritsi baitzen. Badiola Hermanos eta Forjas de Zumarraga enpresak ere garrantzitsuak izan ziren.

davZumea, Zumarragaren argia

Zumarragak zumea landu eta bildu zuen. Zumez egindako altzarien lehenbiziko fabrika Justo Artizek jarri zuen, trenaren abantailak baliatuta. Artizen altzariak Europa erdiraino iritsi ziren, eta saria ere lortu zuten Bartzelonako 1888ko Nazioarteko Erakusketan.

Artxiboan gordetako dokumentuek garrantzi ekonomiko handiko jarduerarik jasotzen ez badute ere, zumea ondo asko sartua dago oroimen kolektiboan.
Bainuetxe eta hotel asko jantzi zituzten Zumarragan egindako altzariez.
Artizek bulegorako altzariak oparitu zizkion Alfontso XIII.a erregeari.

Zumearen langintza berehala zabaldu zen Zumarragan

500 bat pertsonak, emakumezkoak gehienak, etxean edo fabrikan, zumez egiten zituzten saskiak, otarreak, jostotzarak, aulkiak, euritako-ontziak, zabuak, mahaiak, chaises-longueak, kutxak...

Zumearekin lotutako jarduerak beherantz abiatu ziren, baina, 1950etik aurrera, erabat desagertu arte. Arrasto sakona utzi zuten, ordea; kontu egizue, Piedad kaleari "saskigileen aldapa" esaten dio jendeak.

Artizek zumearen lanketa sartu zuelarik Goierrin, fabrikak eta partikular batzuk ere hasi ziren lantzen. Produkzioa nahikoa zen bertako beharrak estaltzeko, eta soberakoa esportatu egiten zuten.

Saskigileen lantegietatik, 1959an oso gutxi ziren jada, Hijos de J.B. Busca (4 langile), Justa Ormazabal Beristainena eta Juan Urreta Lizarralderena.
1958an hiru besterik ez ziren jada zumea biltegiratzen zutenak: Justa Ormazabal Beristain, Hijos de J.B. Busca eta Rufino Mendizabal Elgarresta.

davNorteko trenak kokapen estrategikoa eman zion Zumarragari

1864an inauguratu zuten ofizialki Madril-Irun linea. Horretarako, Urola ibaia desbideratu behar izan zuten. Desjabetzeak izan ziren, Zubiberri eraitsi zuten, Loidiko ur sendagarrizko iturria, pilotaleku bat eta Jauregiko errota kentzearekin batera. Hala eta guztiz, Zumarragak dirua jarri zuen, udalak eta herriak bildutakoaz.

Norteko trenbidea, bide zabalekoa, funtsean nekazaritza eta abeltzaintza jardueretan ari zen Zumarragara iritsi zen.

1864ko abuztuaren 15ean inauguratu zuten estatuko lehenbiziko nazioarteko trenbidea, Isabel II.a erregina bertan zela.

Zumarraga, Bilbo eta Frantzia arteko zubia

Durango-Zumarraga trenak, garai batean Debako trena esaten ziotenak, Bilbo Donostiarekin eta Frantziarekin lotzen zuen, Norteko trenarekin bat eginez. Tren-aldaketa Zumarragan egiten zen.

1906an beste tren-konpainia batzuekin bat egin, eta Compañía de los Ferrocarriles Vascongados eratu zuten, Baskoetako trena deitua alegia.

1889ko abuztuaren 26an inauguratu zuten. Gipuzkoa osoan “bide metrikoa” zuen lehen trenbidea zen, izan ere bideak metro bete zuen zabal.

Baskoetako trenek, hasiera batean, lurrun-trakzioa zuten, eta 1929an elektrifikatu egin zituzten.

Baskoetako trenaren geltokia 1988an eraitsi zuten.

Errepideek aurrea hartu zioten trenari.
Errepideek bidaiari-galera handia ekarri zieten trenei, halako moduan ezen 1972an zatika ixten hasi ziren Baskoetako trenak.
1982ko urteaz geroztik, Gipuzkoako linea metriko hauek Eusko Jaurlaritzaren mendean daude, Eusko Trenbideak sozietate publikoan sartuta.

Urolako trenak, "gure trenak", Goierri eta kostaldea lotzen zituen

Gipuzkoako Aldundiaren ekimenez sortua enpresa pribatuekin zenbait saio egin ondoren, eraiki zuten azken trena izan zen, eta desagertuetan azkena halaber.
Alfontso XIII.a erregeak inauguratu zuen 1926ko otsailaren 22an. Dantzari eta txistulariek eta Udal Musika Bandak egin zioten ongietorria.

Inauguratu zuten une beretik elektrikoa izan zen.

Geltoki guztiak arkitekto berak diseinatu zituen, Ramon Kortazarrek.

Udako bero handiko egunetan, Zumarragako Udalak suziria botatzen zuen. Horrela iragarri egiten zuen “gure trena” Zumaiarantz, hondartzarantz abiatzeko zela. Prezio kolektibo batez, jendeak aukera zuen itsasoan freskatu bat hartzeko.
Udalaren eta “gure trenaren” arteko akordioari esker, zumarragar askok igeri egiten ikasi zuten.

Egunean bost joan-etorri egiten zituen.

1986ko uztailaren 16a izan zuen azken eguna.

Orain ibilbidearen zati txiki bat egiten du, turismo-tren gisa egokitu dute eta.
Zumarraga-Zumaia trenari Urolako trena esaten zioten, bere bidean zehar Urola ibaiaren harana igarotzen zuelako.

Lehenbiziko txartelak euskaraz eta gaztelaniaz zeuden. Txartelaren alde bat gaztelaniaz zegoen idatzita, eta euskaraz bestea. Izan ere, trenak igarotzen zituen inguruetan euskara zen nagusi, eta baserritar askok ez zekiten gaztelaniaz, bizi ziren lekuaren ezaugarri topografikoak zirela-eta mendietan isolatuta bizi baitziren. 1938an, Espainiako Gerra Zibilean zehar, txartel hauen ordez erabat gaztelaniaz idatzitako beste batzuk hasi ziren erabiltzen.

davZumarraga, burdinaz jantzirik, tradizioen zaindari

Trena eta industrializazioa funtsezko elementuak izan ziren herriaren bilakaera historiko, ekonomiko eta sozialean. Zumarragak ateak ireki zizkion garapenari, tradizioei eutsiz ordea.

Trena iristeak garai berria ekarri zuen Zumarragara

Trenak aldatu egin zuen Zumarragaren itxura: udalbarrutia handitu egin zen, eraikin berria altxatu zuten udaletxerako, eta ospitalea eta eskola ere izango ziren. Trenarekin batera ostatuak eta hotelak jarri zituzten, eta industria modernoa finkatu egin zen.

Zumarraga herri pribilegiatu bihurtu zen

Kokapen geografikoaren eraginez, Zumarraga herri pribilegiatua zen Espainia osoan, hiru geltoki zeuzkan eta: Norteko trenarena, Ferrocarriles Vascongados-ena eta Urolako trenarena. Eta hirurak Geltokietako plazan zeuden.

Gainera, 40ko urteetan Patricio Echeverría enpresak industria-adar bat eraiki zuen Zumarragatik Legazpiraino, hiru errailez.

50eko urteetan Zumarragan merkantzia eta bidaiari mugimendu etengabea zegoen: milioi bat bidaiaritik gora urtean.

davAndre Mariaren eliza lekuz aldatzea

Herrigunea XV. mendearen amaiera aldean hasi zen sortzen, eta hurrengo mendean zehar hazkunde handi samarra izan zuen. Beraz, biztanleen eliz beharrak asetzeko parrokia bat ere behar zuen. Hala, 1576an hasi ziren eliza berria eraikitzen kalean bertan. Horrenbestez, Erdi Aroan zehar Santa Mariako parrokiak (egungo Antiok) izan zuen protagonismoa ahultzen joan zen, beste tenplu bat izango zen eta aurrerantzean herrian: Jasokundekoaren eliza.

Eliza berria eraiki zen herrigunean

Tenplua eraiki ahal izateko, inguruko orube batzuk erosi behar izan zituzten.
Obrak hasi zituzten hargin-maisuak San Juan Altuna eta Santuru Arizti izan ziren.
Tenpluaren barrualdea areto handi baten antzera proiektatu zuten: hiru nabeek garaiera bera dute. Espazio zabala, eliztar asko eta asko hartu ahal izateko. Horrelako elizei saloi-oinplanoko eliza esaten zaie.

Jende guztia ez zegoen lekuz aldatzearekin ados

Parrokia lekuz aldatzeko proiektuak eztabaida handiak piztu zituen Zumarragako biztanleen artean.
Antiok utzi egin zion parrokia izateari, baina erlijio eginkizunei eutsi zien, ermita gisa aurrerantzean.

Audio mahaia:

1. audioa: Amador Arriaran (Frantziska Legazpiren alarguna) eta Joan Zabalo. Zufiaur eta Barrenkale auzoetako bizilagunak, 1565.

"Zumarragako Andre Mariaren parrokia-eliza mendizerra garai malkartsu batean zegoen, herrigune orotatik eta eliztarretako asko eta asko bizi ziren etxeetatik urrun, eta horrenbestez eliztarrek eta beren senideek ez zuten modurik elizakoak jasotzearren parrokia hartara joateko, batez ere pertsona adinekoek, ahulek, zaharrek eta emakume haurdunek... neguan elur, izotz eta ur handiengatik eta egiten zen lokatzarengatik, eta udan bero handi eta bidearen luze eta zailagatik".

2. audioa: Martin Gartzia Urrutia, Domingo Aizpuru eta Joan Igartza, Soraiz auzoko biztanleen izenean, 1560 (Barrenkaleko bizilagunen kontrako auzia)

"eliza lekuz aldatzea eskatzen zuen alderdiak interes eta grina partikularrak zituen atzean, zeren eta eliza etxe ondoan eduki nahi zuten"

3. audioa: Barbara Leturia eta Maria Saez Barrenetxea, 1571 (martxoa)

"parrokia-eliza hori lekuz aldatzearen eta beste elizarik egitearen kontra"

4. audioa:Diego Ramirez de Fuenteal apezpikua, 1574

"eliza hori lekuz aldatu eta berria eraikiz gero, hobeto gobernatu eta zerbitzatuko litzateke, eta eliztarrak bere parrokiara joango lirateke"

5. audioa: Erabakia: 1576ko urriaren 14a (Iruñeko apezpikutegia).

"Adierazten dut Andre Mariaren Eliza, behera eramana, gaurtik aurrera Zumarragako unibertsitatearen parrokia izango dela, parrokia-eskubideak bertan geratuko direla, elizkizun guztiak bertan egingo direla, eta bertara joango direla, hamarren eta eskubide guztiez, orain arte bestera zihoazen eliztarrak, bai eliz otoitzak egiteko eta elizakoak jasotzeko, bai hileta eta beste guztietarako, lehenago bestean egiten zuten moduan"

davLegazpi, Pazifikoa zeharkatu zuen abenturazalea

XVI. mendeak aurrerapen handiak ekarri zituen, munduaren gaineko ezaguera geografikoari dagokionez. Monarkek sustatutako espedizioen bidez handitu egin ziren Lurraren formak eta neurriak. Lortu nahi zuten helburua Asia eta Amerika artean itsasbide berriak aurkitzea zen. Euskaldun askok hartu zuten parte aurkikuntza horietan, eta Migel Lopez Legazpi zumarragarra tartean zen.

Espedizioa
1564-11-21 – Legazpi eta bere tripulazioa Barra de Navidad (Jalisco, Mexiko) portutik itsasoratu ziren.
Mariana uharteetatik igaro ziren.
1565-01-22 – Guam uhartean lehorreratu ziren.
1565-02-03 – Sartaldeko uharteetarantz abiatu ziren, hots, Filipinetarantz.
1565-02-13 – Samar uhartean lehorreratu ziren.
1565-02-21 – Leytera iritsi ziren.
1565-03-05 – Cabaliango portura heldu ziren.
Uharteetan zehar zabaldu ziren, Mindanaon eta Sulu uharteetan izan ezik.
1565-03-16 – Boholera iritsi ziren, Tagbilarandik zehar. Han, egun horretan bertan, LEGAZPIk lehenbiziko odolezko ituna egin zuen SIKATUNA buruzagiarekin.
1565-04-27 – Cebu uhartera iritsi ziren.
1567 – Jabetzan hartutako lurralde berriak Filipinak izenaz antolatu zituzten.
Lurraldeak bereganatzen segitu zuten Panay, Masbate, Mindoro eta Luzon uharteetan.
1571-06-24 – Legazpik Manilako hiria fundatu zuen.

Zumarragar bat Filipinetan

Migel Lopez Legazpi, Zumarragan jaioa, izan zen Filipinetako konkistaren protagonista.

Jakin ez dakigu zehatz noiz jaio zen, bai ordea Zumarragan jaio zela XVI. mendearen hasieran. Familia garrantzitsu bateko semea zen, gaur egun bisitatu daitekeen eta Legazpi dorretxe izenaz ezagutzen dugun etxekoa.

Dorretxea, dokumentu-iturrietan Jauregi Handi izenaz ere jasoa, Artiz Auzategian dago gaur egun, tren-geltokitik oso hurbil.

Migel Lopez Legazpi Nueva Españan (Mexiko) finkatu zen 1528an. Han ezkondu eta zenbait kargu izan zituen administrazioan, eta hiriburuko alkate izatera heldu zen.

1564an, Ordiziako kosmografo eta nabigatzaile Andres Urdanetarekin batera, Filipinen konkista ekarri zuen espedizioa egin zuen.

Arriskuak bai, baina merezi zuen

1564ko azaroaren 21ean abiatu zen Mexikotik, Jaliscoko Navidad portutik, bost itsasontziz osatutako espedizio bat, Filipinetarantz. 200 armagizon, 150 marinel, 5 erlijioso eta erregistratu gabeko beste pertsona batzuk ziren tripulazioan. Migel Lopez Legazpi jeneral izendatu zuten, eta Andres Urdanetak hartu zuen nabigazio eta erlijio kontuetako ardura.

Bidaia ez zen batere erraza izan. Hiru hilabete baino gehiago egin zituzten itsasoari, gaixotasunei, piraten erasoei eta janari eskasiari aurre egiten.

Sariak, baina, handiak ziren. Gauzak aurkitzeko gogo bizia, aberasteko aukera eta espiritu ekintzailea baziren nahiko akuilu, abentura hartan abiatzeko.

1565eko apirilean espedizioa Cebu uhartera iritsi zen, eta San Pedro gotorlekua eraiki zuten bertan; hauxe izango zen Filipinetako uhartedia konkistatzeko oinarria.

Urte batzuk geroago, 1571n, Migel Lopez Legazpik Manila fundatu eta uhartediko gobernuaren egoitza jarri zuen bertan. Handik gutxira hil zen, 1572an, uharte hartan bertan.

XIX. mendearen amaiera aldean Zumarragak omenaldia eskaini eta eskultura bat altxatu zuen, Migel Lopez Legazpiren ohorez. Monumentua 1897an jarri zuten Euskadi plazaren erdian, eta horrelaxe ikus dezakegu gaur egun ere.

Zumarragak Filipinar Uharteak izeneko kale bat du. Samar uhartean, Filipinetako uhartedian, bada Zumarraga izeneko herri bat.

Audio mahaia:
Diego Legazpik, Migel Lopez Legazpiren ilobak, bidalitako gutunak.

Manila, 1574ko urtarrila.
"...Batzuetan, ene arreba Ana, itsasoa zoratu egiten da. Egin dugun azken bidaia beldurgarria izan da benetan. Ekaitza uluka, txistuka, etengabe; olatuak toki guztietara iristen ziren; itsasoan nahasmen eta ikara zen oro. Baina dena igaro zen. Salbatu ginen, bai, gogoan geneukala ordea Belokiko mazeletan hainbeste adoratzen dugun eta gure aurreko maiteei lur ematen diegunean bere babesean jasotzen dituen ama birjinatxo hori.
Une batean iruditu zitzaidan gu ere mantupean hartu gintuela. Egiten diozun aurreneko bisitan, eskerrak emazkiozu, seme eskergabeena duen honen partetik".

Manila, 1571ko maiatza.
"...Azkenean nire osaba Migel maiteak onartu du nik hainbeste desio nuena, mundu gehiago ikustearren niri ontziratzen uzteko egun zorionekoa iristea alegia, horixe egin nahi bainuen orain kanpoan nagoela are gehiago gogoratzen dudan lurralde paregabe horretatik irten nintzenetik. Manila eta Cacao artean beteranoena den merkantzia-ontzi bateko intendente edo administratzaile izendatu nau".

Manila, 1572ko uztaila,
"...Azken egun hauetan askoz hobeto nago azkenaldian izan dudan gaitzetik; horregatik, aukera izan dut nire osaba Migel maiteari behin baino gehiagotan bisita egin eta berarekin hitz egiteko. Gero eta handiagoa da nire osabak sentitzen duen indigenenganako estimua, eta ahalegina egiten du bere mendeko orok tokian tokiko hizkuntza eta ohiturak beregana ditzan".

Hurrengo gutunean, 1572an Manilatik idatzia da, Diegok aitari ematen dio beronen anaiaren berri:
"... osaba Migel zendu egin da hil honetan. Bihotzekoak jo eta berehala hil zen. San Agustinen elizan lur eman eta hurrengo egunean, Manilan sartu ziren beraren biloba Joan Salcedo eta Goñi kapitaina, osaba Migelek emana zien eginkizuna, uhartedi guztiak bakezko itunen bidez menperatzea eta batzea, behar bezala bete ondoren. Osaba hil denez geroztik umezurtz sentitzen naiz uharte hauetan, zure itzal bedeinkatutik eta hemen joan zaigun osaba maitearenetik urrun".