QR 20

davZumarragarron elkartasunak zorioneko egiten gaitu

Zorioneko gu, Antio ikus dezakegulako. Izan ere, Antiok badu nork zaindu eta babestu. Eta ez maila instituzionalean bakarrik. Historian zehar Antiok dohaintza ugari jaso ditu, bai materialak bai diruzkoak. Egungo Zumarraga betiko Zumarraga bera da.

Eta herria ere horrelaxe hazi da: ongile askok lagundu dute Zumarragak hainbat ekipamendu izan ditzan, hala nola ospitalea, eskola, institutua, babes-etxea, hilerria, eta trena herrira iristeko edota herriko iturrietan edateko ura izateko ere lan egin dute.

Eraberritzeak berekin du eraldaketa

Antioko egitura eraberritu behar izan zuten 1740an. Eraberritze horretan, garai hartako zenbait elementuz hornitu zuten: pulpitua, konfesatokia eta eserlekuak jarri zizkioten.

1976ko urtea beste eraberritze lan handi baten unea izan zen; ordura arteko Antiori itxura aldatu, eta gaur egun duena eman zioten.

1965ean Monumentu Historiko Artistiko Nazional izendatu bazuten ere, eta 1984an Euskal Monumentu Historiko Artistiko, babestu beharra du oraindik ere. Zorionez, Antioko Lagunen Elkarteak lan asko egiten du hura zaintzen eta mantentzen.

Orain erakartzen gaituena ikusezina zen lehenago

Antio imajinatzen al duzu habe eta jabaloi ikuskizun bikain hori gabe? Lehenago ez zen, bada, ezer ikusten. Zurezko ganga batzuek estaltzen zuten dena. Baina Antion egindako eraberritze lan garrantzitsuenetako batean kendu zituzten, 1976an.
Barnealdeko murruak karez estalita zeuden, desinfektatzaile ona inolaz ere, paretak zuritzeko balio izateaz gain.

1988ko zaharberritze lanetan zehar, zikinkeriak estalitako pintura batzuk aurkitu zituzten: dragoi bat, otso bat, ehiztari bat eta basurde bat. Habeetan begiratu, eta ikusiko dituzue.

Gauza batzuk ezin ditugu jada ikusi

1740ko pulpitu zaharra bota eta suntsitu egin zuten 1976ko zaharberritze lanetan.
Eserlekuetako asko apainduta zeuden.

1607az geroztik aldare nagusian zegoen erretaularen parte bat Donostiako Elizbarrutiko Museoan dago gaur egun.

1976ko eraberritze lanetan serora etxea bota zuten; 1604an eraikia zen. Han bizi zen emakumearen ardura Antio txukun mantentzea zen.

Antioko zura desagertzeko zorian egon zen

1988an ikusi zuten Antion xilofagoek eragindako infekzioa larriegia zela jada, eta esku hartzea erabaki zuten. Tratamendu eta zaharberritze prozesua 1990 arte luzatu zen, kontu handiz jardutea eskatu zuen, eta garestia izan zen: Antio, gaur egun ikusten dugun moduan, galtzeko zorian zegoen. 10.000 pezetaren truke teila bat eros zitekeen, sinbolikoki, zaharberritze lanetan laguntzeko.

"Teila operazioa" zumarragarren elkartasunaren beste adibide bat da.

Pantailan:
Desmuntatze, zaharberritze eta piezak, jatorrizko pieza zaharberrituak zein berriak, atzera muntatzeko prozesua Jesus Muñoz-Baroja arkitektoak zuzendu zuen.

  • Zurezko egitura osoa desmuntatu zuten, neurriz handiegiak ziren piezak izan ezik; hauek xilofagoen kontrako produktuak injektatuz desinfektatu zituzten, eta tokian bertan zaharberritu.
  • Zutabe batzuei altxagarriak jarri zizkieten, ez baitzuten oinarri egokirik.
  • Moldeak egin eta erretxinaz bete zituzten, habeak sendotzeko.
  • Habe batzuei metalezko sendogarri bat jarri zieten barnean.
  • Beste piezak banakako kutxetan sartu, eta tratamendua emateko eraman zituzten.
  • Teilatuan, bai jatorrizko zura bai 1976ko zaharberritze-lanetan erabilitako pinu-zura erabat zeuden pipiak janda. Egoera ikusirik, oso-osorik desmuntatu eta osorik berregin zuten, habe zaharrak, zona batzuetan zur berria, material isolatzailezko geruza bat eta teila erabiliz.
  • Ermita erabat gaseztatu, eta bi hilabetez itxita egon zen, artean egon zitekeena erabat suntsitu eta garbitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>