QR6

davZumarraga bere ingurua itxuratzen

Ikus-entzunezkoa

"Lehen agerraldia"
Zumarragako herrixka, 1383ko abenduaren 11, ostirala.

Maria Elgarrestaren etxetik topalekuraino ez zegoen distantzia handirik. Grazia neskamea ondoan zuela, Maria Eitzagaranzko bidean abiatu zen.

Bidean zehar ikusi zuten ezen norbaitek adarrak eta azalak atera zituela, horiek enborraren parean mozteko usadio eta ohitura errespetatu gabe eta lan horiek egiteko urte-sasoia ere kontuan hartzeke. Zuhaitzak ihartuta zeuden jada.

Graziak bazekien Pedrok, bere senarrak, parte hartu zuela mozketa hartan. Denbora pixka bat bazen senarra Lazkaoko jaunaren lekaio eta babestua zela, eta horrek berekin zekarren hark agintzen zituen ekintzetan laguntzea. Horren trukean, Pedrok ziurtatua zuen familia bat osatu ahal izateko soldata bat.

"Bigarren agerraldia"
Eitzaga, Urruti baserria.
Agiri garrantzitsu bat sinatzea.

Elkartuak Soraizko baserrietakoak, hauek Andre Mariaren elizatik oso hurbil zeuden, eta Aranburuko eta Elgarrestako baserrietakoak ziren. Pertsona garrantzitsuak ziren Zumarragan, eta Ahaide Nagusien mendean egoteari utzi nahi zioten.

  • Seguru al zaude hau izango dela irtenbidea?
  • Horrela izatea espero dut. Herrixka batzuek egin dute jada.
  • Ni behintzat ez nago lapurrek nire abere gehiago eramateko prest.
  • Nik pentsatu nahi dut akordio honekin saihestuko dugula jauntxoek, Lazkaokoak esaterako, justizia bere kasa egitea.

Jende multzo hartan, Mariak ikusi ahal izan zuen Joan Perez Otalora, eskribaua, hasia zela dokumentu bat idazten; Zumarragako herriaren eta Urretxuko hiribilduaren arteko auzotasun akordioa izango zen.

Une honetatik aurrera Zumarragako biztanleek betekizun batzuk izango zituzten, esaterako zerga batzuk Urretxun ordaintzea eta hiribilduko alkatearen justiziaren mendean geratzea. Baina abantailak ere izango zituzten, hala nola hiribildu bateko auzo izatea eta, ustez behintzat, Ahaide Nagusien mendean ez egotea.

"Hirugarren agerraldia"
63 urte geroago

Auzotasun akordio hark ez zion amaiera jarri Ahaide Nagusien kontrolari. Ondasunak kentzen, lurrak erretzen eta justizia bere kasa egiten segitu zuten. Eta, pertsonen gaineko kontrol horretaz gain, bando borroka odoltsu batean ere aurre egin zioten elkarri boteretsuek.

Urtetan zehar Migelek, Grazia eta Pedroren semeak, aitaren bidetik segitu zuen.
Ez zitzaion zail egin Lazkaoko jaunaren segizioaren parte izatea. Gizon boteretsu baten lekaio bihurtzea zen, ia-ia, bizirauteko modu bakarra, batek jabetzarik ez zeukanean. Eta orain, dagoeneko zahar eta nekatu sentitzen zela, eta bide berri batean abiatzeko gogoz zegoela, azken zerbitzu bat geratzen zitzaion artean: bere jauna defendatzea Azkoitiko jaun feudal boteretsu Ladron Baldakoaren kontrako guduan, honek lurraldea bereganatu nahi zuen eta.

Zumarragako lurraldea, 1446ko abenduaren 29a

Abendu amaierako goiz batean, Migel eta Joan Lopez Lazkaokoak deitutako beste gizonak borroka-lekuan kokatu ziren. Lazkaoko jaunaren ondoan Zumarragako noble bat zegoen, Pedro Legazpi. Horien parean etsaiak ageri ziren, Ladron Baldakoa buru zutela.

Zenbait orduz luzatu zen borrokaren ostean, Joan Lopez Lazkaokoa zen garaile. Zumarragak eta Urretxuk haren kontrolpean segitzen zuten. Baldako jaunak Azkoitiko bere dorretxerantz egin zuen ihes. Migel onik atera zen. Dagoeneko bizimodu berria abia zezakeen, jaun feudalen boteretik urrun.

"Laugarren agerraldia"
Urretxu: etorkizun bila

Migelek Lazkaoko jaunaren zerbitzuan emandako urteek etsai ugari sortu zioten, baina baita adiskidetasun izen handiko eta errespetatuak ere.

Joan Aranburuk, Urretxun bizi eta lan egiten zuen zapatagin eragin handikoa bera, errenta bat ziurtatua zion Migeli, honek berarentzako lan eginez gero. Eta gainera ziurtatua zion Migelen seme Peru ere zapatagin mutil hartuko zuela, honek ez zezan izan aitak eta aitajaunak Lazkaoko jaunaren lekaio izan zuten bizimodua.

Zumarragatik abiatu, ibaia Zubiaurretik zeharkatu eta Urretxuko errebalaren paretik igaro ziren; zona hori hazten ari zela, Urretxu gero eta hurbilago zegoen Zumarragatik.

Hiribilduan sartzeko lau ate zeuden, eta horietako batetik zehar igaro ziren.
Gaztelako errege Joan I.ak Urretxua izeneko lekuari hiribildu titulua eta 'Villarreal' izena eman zionetik 64 urte ziren jada igaroak. Titulu hori emateko dokumentua hiri-gutuna zen, eta Urretxuk ongi gordea zeukan.

Zapataginaren lantegira iritsi zen Migel, bizimodu berrian abiatzearren. Atzean zegoen jada iragana, eta etorkizuna berehala geratuko zen bere seme Peruren esku.

"Bosgarren agerraldia"
43 urte geroago, 1489

Zumarraga hazita zegoen, eta denbora asko zen aldameneko Urretxuren parte izateari laga zionetik, Areriako Alkatetza Nagusiarekin -Gipuzkoako lurraren barneko lurralde bat zen, eta zenbait herri hartzen zituen- auzotasun-gutun berri bat izenpetuta. Lehengo landa-herrixka eraldatzen ari zen. Eraikin berriek osatzen zuten jada lehen herrigunea, Eitzagan. Dorretxeek galdua zuten gerrarako itxura, errege aginduz goialdea moztu zietenetik.

Hazkunde egoera hau ikusirik, Peru bere herrira itzuli zen. Urretxun egoera ekonomiko ona lortua zuen, zapatagin gisako lanean, eta horrek gizartean gora egiteko aukera emango zion, zalantzarik gabe, Zumarragan.

Zumarragak denbora zeraman kleriko kopuru handiagoa izateko eskubidea eskatuz erregeari. Lazkaoko jaunak aukeratzen zituen elizgizonak; izan ere, aspaldi-aspalditik jotzen zuten jaun hura elizaren jabe. Baina Lazkaoko jaunak ez zien bi elizgizon baino gehiagori ordaindu nahi. Urte batzuk auzitan eman ondoren, Errege Justiziaren Goi Auzitegiak Zumarragaren aldeko epaia eman zuen.

"Seigarren agerraldia"

Zumarragako Andre Mariaren parrokia, 1489ko abuztuaren 23a, igandea

Peru ordua baino lehen iritsi zen Andre Mariaren elizara. Urduri zegoen. Lehen aldiz, meza esan behar zuten apaizak ez ziren Lazkaoko jaunak aukeratuak.

Eliza jendez lepo zegoen. Martin Gurrutxaga bikarioak hasiera eman zion liturgiari. Bat-batean, Bernardino Lazkaokoa eta hainbat gizon armadun elizan sartu ziren, bere eskubideak berreskuratzeko prest.

-Martin Gurrutxaga, nik ez zaitut meza esateko aukeratu! Eliza hau nirea da, eta berehala irteteko agintzen dizut!

Gizon armadun haien indarkeriazko jarrera zela eta, eliztarrek eta lau elizgizonek elizatik irten behar izan zuten.

- Erregeren justiziara joko dugu!

Peruk gogoratu egin zuen aitak eta aitajaunak nola kontatzen zizkioten Lazkaoko jaunaren izenean parte hartu zuten lapurreta eta guduak. Orain parean zuen Bernardino, bere aita lekaio izandako Joan Lopez Lazkaokoaren biloba.

Baina jada ez zegoen ondasunak galtzeko edo Ahaide Nagusiek inor preso hartuko ote zuten beldurrik. Peruk, Zumarragako beste biztanleek bezala, dagoeneko bazekien indarra erabiltzeari brida jartzeko moduak bazeudela. Herriko biztanleek justizia auzitegietara jo zezaketen, berea defendatzeko. Eta behin baino gehiagotan egingo zuten. Aurreko belaunaldiek hartutako akordio eta erabakiak ez ziren alferrik izan.

Maria Elgarrestak, Graziak, Pedrok, Migelek, eta orain Peruk eta beste askok bere ekarpena egin zuten, era batean edo bestean, Zumarragak bere ahotsa izan zezan. Eta bide horretatik Zumarraga berri bat ari ziren itxuratzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>