QR11

davLegazpi, Pazifikoa zeharkatu zuen abenturazalea

XVI. mendeak aurrerapen handiak ekarri zituen, munduaren gaineko ezaguera geografikoari dagokionez. Monarkek sustatutako espedizioen bidez handitu egin ziren Lurraren formak eta neurriak. Lortu nahi zuten helburua Asia eta Amerika artean itsasbide berriak aurkitzea zen. Euskaldun askok hartu zuten parte aurkikuntza horietan, eta Migel Lopez Legazpi zumarragarra tartean zen.

Espedizioa
1564-11-21 – Legazpi eta bere tripulazioa Barra de Navidad (Jalisco, Mexiko) portutik itsasoratu ziren.
Mariana uharteetatik igaro ziren.
1565-01-22 – Guam uhartean lehorreratu ziren.
1565-02-03 – Sartaldeko uharteetarantz abiatu ziren, hots, Filipinetarantz.
1565-02-13 – Samar uhartean lehorreratu ziren.
1565-02-21 – Leytera iritsi ziren.
1565-03-05 – Cabaliango portura heldu ziren.
Uharteetan zehar zabaldu ziren, Mindanaon eta Sulu uharteetan izan ezik.
1565-03-16 – Boholera iritsi ziren, Tagbilarandik zehar. Han, egun horretan bertan, LEGAZPIk lehenbiziko odolezko ituna egin zuen SIKATUNA buruzagiarekin.
1565-04-27 – Cebu uhartera iritsi ziren.
1567 – Jabetzan hartutako lurralde berriak Filipinak izenaz antolatu zituzten.
Lurraldeak bereganatzen segitu zuten Panay, Masbate, Mindoro eta Luzon uharteetan.
1571-06-24 – Legazpik Manilako hiria fundatu zuen.

Zumarragar bat Filipinetan

Migel Lopez Legazpi, Zumarragan jaioa, izan zen Filipinetako konkistaren protagonista.

Jakin ez dakigu zehatz noiz jaio zen, bai ordea Zumarragan jaio zela XVI. mendearen hasieran. Familia garrantzitsu bateko semea zen, gaur egun bisitatu daitekeen eta Legazpi dorretxe izenaz ezagutzen dugun etxekoa.

Dorretxea, dokumentu-iturrietan Jauregi Handi izenaz ere jasoa, Artiz Auzategian dago gaur egun, tren-geltokitik oso hurbil.

Migel Lopez Legazpi Nueva Españan (Mexiko) finkatu zen 1528an. Han ezkondu eta zenbait kargu izan zituen administrazioan, eta hiriburuko alkate izatera heldu zen.

1564an, Ordiziako kosmografo eta nabigatzaile Andres Urdanetarekin batera, Filipinen konkista ekarri zuen espedizioa egin zuen.

Arriskuak bai, baina merezi zuen

1564ko azaroaren 21ean abiatu zen Mexikotik, Jaliscoko Navidad portutik, bost itsasontziz osatutako espedizio bat, Filipinetarantz. 200 armagizon, 150 marinel, 5 erlijioso eta erregistratu gabeko beste pertsona batzuk ziren tripulazioan. Migel Lopez Legazpi jeneral izendatu zuten, eta Andres Urdanetak hartu zuen nabigazio eta erlijio kontuetako ardura.

Bidaia ez zen batere erraza izan. Hiru hilabete baino gehiago egin zituzten itsasoari, gaixotasunei, piraten erasoei eta janari eskasiari aurre egiten.

Sariak, baina, handiak ziren. Gauzak aurkitzeko gogo bizia, aberasteko aukera eta espiritu ekintzailea baziren nahiko akuilu, abentura hartan abiatzeko.

1565eko apirilean espedizioa Cebu uhartera iritsi zen, eta San Pedro gotorlekua eraiki zuten bertan; hauxe izango zen Filipinetako uhartedia konkistatzeko oinarria.

Urte batzuk geroago, 1571n, Migel Lopez Legazpik Manila fundatu eta uhartediko gobernuaren egoitza jarri zuen bertan. Handik gutxira hil zen, 1572an, uharte hartan bertan.

XIX. mendearen amaiera aldean Zumarragak omenaldia eskaini eta eskultura bat altxatu zuen, Migel Lopez Legazpiren ohorez. Monumentua 1897an jarri zuten Euskadi plazaren erdian, eta horrelaxe ikus dezakegu gaur egun ere.

Zumarragak Filipinar Uharteak izeneko kale bat du. Samar uhartean, Filipinetako uhartedian, bada Zumarraga izeneko herri bat.

Audio mahaia:
Diego Legazpik, Migel Lopez Legazpiren ilobak, bidalitako gutunak.

Manila, 1574ko urtarrila.
"...Batzuetan, ene arreba Ana, itsasoa zoratu egiten da. Egin dugun azken bidaia beldurgarria izan da benetan. Ekaitza uluka, txistuka, etengabe; olatuak toki guztietara iristen ziren; itsasoan nahasmen eta ikara zen oro. Baina dena igaro zen. Salbatu ginen, bai, gogoan geneukala ordea Belokiko mazeletan hainbeste adoratzen dugun eta gure aurreko maiteei lur ematen diegunean bere babesean jasotzen dituen ama birjinatxo hori.
Une batean iruditu zitzaidan gu ere mantupean hartu gintuela. Egiten diozun aurreneko bisitan, eskerrak emazkiozu, seme eskergabeena duen honen partetik".

Manila, 1571ko maiatza.
"...Azkenean nire osaba Migel maiteak onartu du nik hainbeste desio nuena, mundu gehiago ikustearren niri ontziratzen uzteko egun zorionekoa iristea alegia, horixe egin nahi bainuen orain kanpoan nagoela are gehiago gogoratzen dudan lurralde paregabe horretatik irten nintzenetik. Manila eta Cacao artean beteranoena den merkantzia-ontzi bateko intendente edo administratzaile izendatu nau".

Manila, 1572ko uztaila,
"...Azken egun hauetan askoz hobeto nago azkenaldian izan dudan gaitzetik; horregatik, aukera izan dut nire osaba Migel maiteari behin baino gehiagotan bisita egin eta berarekin hitz egiteko. Gero eta handiagoa da nire osabak sentitzen duen indigenenganako estimua, eta ahalegina egiten du bere mendeko orok tokian tokiko hizkuntza eta ohiturak beregana ditzan".

Hurrengo gutunean, 1572an Manilatik idatzia da, Diegok aitari ematen dio beronen anaiaren berri:
"... osaba Migel zendu egin da hil honetan. Bihotzekoak jo eta berehala hil zen. San Agustinen elizan lur eman eta hurrengo egunean, Manilan sartu ziren beraren biloba Joan Salcedo eta Goñi kapitaina, osaba Migelek emana zien eginkizuna, uhartedi guztiak bakezko itunen bidez menperatzea eta batzea, behar bezala bete ondoren. Osaba hil denez geroztik umezurtz sentitzen naiz uharte hauetan, zure itzal bedeinkatutik eta hemen joan zaigun osaba maitearenetik urrun".

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>